CROSSOVER 2023
203an amaitu zen «Crossover. Telesailen Kultura Jaialdiaren» 6. edizioa, eta balantzea oso positiboa izan da. Guztira 22 saio eta ia 60 gonbidatu izan dira, edizio hau inflexio puntu bihurtu dutenak Jaialdiaren ibilbidean. Crossoverrek bere presentzia sendotu du eta erreferentziazko hitzordu da telesailen kultura aztertzen duten formatuen eremuan.
Aurten, Donostiako Zinemaldiarekin, Kutxa Fundazioarekin eta Donostia San Sebastian Turismoarekin izandako lankidetzaz gain, Basque Culinary Center aliatu berria izan dugu Gourmet Telesailak atalarekin. Gastronomia eta telesailak uztartzeko proposamen honek harrera bikaina izan du afari-solasaldia (Laura eta Alberto Caballero) eta aperitiboa (Jorge Bretón, Sasha Correa) formatuetan.
Beste berritasun bat Ikusle Gonbidatua atala izan da. Hitzaldi-kafe formatuan, kulturako hainbat eremutako pertsonak bildu dira telesailekin duten harremanari buruz hitz egiteko. Astean zehar Harkaitz Cano, Iratxe Fresneda, Lide Hernando eta Enric Albero izan dira protagonistak.
Ohiko atalek harrera bikaina izan dute. Nabarmentzekoak dira Koldo Mitxelena Kulturunean izandako Elkarrizketak, aretoa bete-bete egin zutenak. Azpimarratzekoak dira Borja Cobeagak eta Diego San Josek eskainitako saioa, Gorka Otxoa, Esty Quesada eta Vaya Semanitako lantaldeko kide batzuekin batera; María Redondo eta Nahia Sillero aktoreek gazteenentzat pentsatutako telesailei buruz hitz eginez izandako solasaldia; Ibon Martín idazlea eta Jon Udakiola Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuko burua bildu zituen solasaldia, krimenaren munduko errealitatearen eta fikzioaren inguruan; edo Bob Popi egin zitzaion elkarrizketa, gorputz normatiboek pantailan duten presentziari buruz.
Estreinaldiak atalaren puntu gorena Raparen (Movistar+) bigarren denboraldiaren aurkezpena izan zen, Javier Cámara eta Mónica López protagonisten presentziarekin. Koldo Mitxelena Kulturunean beste topaketa nabarmen batzuk ere egin dira: Nacho telesaileko Miriam Giovanelli eta María de Natik egindakoa, Teresa Fernández Valdésekin batera. Joana eta Mireia Vilapuig eta Bárbara Farré Selftape telesaileko protagonistek eta zuzendariak eskainitakoa; eta, Tabakalerako 2deo ikus- entzunezko laborategian, Autodefentsa telesaileko Berta Prieto protagonistarekin izandako topaketa.